XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gizaki aldetik nolakoa zen Juan Mateo de Zavala?.

Estudio-gizona euskarari buruz azterketa handiak egina, zentzuduna, kasik hotza, dotoreria eta haize kontutan ibiliko ez zaizuna, artez eta zuzen beti mamira doana, gardena.

Bera bizi zen denboran ez zuen deusik argitaratu eta besteek argitara zezaten erraztasunak eman, hori bai.

Aita Añibarroren Escu liburua-ren hirugarren argitalpena, esate baterako, bera Guardian zelarik egin zen.

Gizon umila. Hala ere, beroni kontsultak egiten zizkion Fl. Lécluse Frantziako gizon jakintsuak.

Juan Mateo hil ondoren, agertu ziren beronen El verbo regular vascongado del dialecto vizcaino, eta zenbait alegi edo fabula.

Azkeneko hauek, gaisorik zegoen aldarte batean, denbora pasa edo, egin zituela aitortzen du berberak.

Hain zentzuduna eta hotza izanarren, badirudi Astarloa apologistarekin zaletuxea zebilela.

Ez da ahantzi behar honek bazuela anaia bat fraide eta euskarazko sermoi liburu argitaratuen egile dena, gainera Probintzial ere izana, etab.

Larramendi eta Astarloaren obrei esker, maitemindu zen, bada, Zavala euskarakin.

Umetatik zekien euskaraz, hori bai, baina apaiz-lanetan hasi zenean oso atzendua omen zebilen eta hizkuntza berreskuratu behar izan zuen.

1815. urtean etorri zen Zarautzera eta, hain zuzen, hurrengo urtean 1816an, egiten du sermoe-liburu hau.

Orain aurkiberria den Juan Mateo Zavalaren sermoe-liburua eta lehendik ezagutzen zena; Lemoako apaizak Pasionista gazte bati bere mezaberri egunean erregalatu zion harako hura desberdinak ote diren ala ez, jakin behar da.

Juanjo Zearretak badu haren fotokopia bat eta utzi egin dit egun batzuetarako.

Lemoakoa deituko dugu bata eta Bermeokoa bestea nahas ez gaitezen.

Lemoakoan Dotrineac dira guztiak eta ohargarri dena Lemoako honetan c gabe idazten du Dotrina herri-fonetikari jarraituz nahiz eta ez beti; Bermeokoan, aldiz, c-kin idazten du: Doctrina.

Badirudi berriagoa edo geroagokoa dela Lemoakoa.

Hitzaldi askoren bukaeran urtea dakar: 1822, 1825, 1833.

Misio sainduko predikuak dira, eta besteak bezala, bizkaieraz daude.

Hamabost egun irauten zuten misioek, eta dotrinazko sermoiak, hau da, katekesi eratakoak, dituzue denak Lemoako honetan.

Baina bietan gai antzekoak erabiliarren, bi liburuok ez dute zer-ikusirik batak besteakin.

Autore berarenak direla eta gauza askotan egongo dela ahaidetasun bat bien artean, hori bai.

Nik esango nuke Lemoakoa hobea dela.

Geroagokoa ere bada, eta Zavala denboraren joanaz bere esperientzia eta euskararen ezagutza aberastuaz joango zen.

Baina aitortu behar dut gonbaraketa sakon bat egiteko ez dudala astirik izan.

Politika aldetik nahasmendu handiak ezagutu zituen Juan Mateo Zavalak bere bizi-denboran.